Publizitatea
Bannerra
Abiadura handiko iruzurra Argentinako bidaiariei PDF fitxategia Inprimatu E-posta
2008/06/18
[ Jose Angel Oria, gaur8.info ]
Latinoamerikako lehen abiadura handiko trena, «bala trena» izenekoa, egingo dute Argentinan, bertako Gobernuak hartu duen erabakiaren arabera. Euskal Herrian bezala, Argentinako proiektuak aurkako giza mugimendu zabala eragin du. Abiadura handiko trenaren aurkako argudioak, ordea, oso ezberdinak dira; Euskal Herrian ingurumenari egingo zaion kaltea nabarmentzen bada, Hego Amerikako herrialdean proiektu faraoniko hori egiteak duen kostu ikaragarria salatzen da-eta.

Adituek eta, batez ere, egungo trenbide sistemaren erabiltzaileek salatu dute proiektua. Izan ere, egunero trenbide sistema zaharkituaren gabeziak -bagoi gutxi, oso baldintza kaskarretan daudenak eta trena bera, barea baino makalagoa- jasaten dituenak ezin dezake onartu aberatsek baino erabiliko ez duten tren batean milaka milioi dolar gastatzea.

Argentinan egungo trenbide sistema milioika lagunek erabiltzen dute egunero. Ikasleek eta langileek, batez ere. Buenos Aires hiriburuko Constitución geltokitik hegoaldeko auzoetara joaten den Roca lineako trenek, esaterako, egunean 600.000 bidaiari eramaten dituzte.

«Bala trenak» Buenos Aires, Rosario eta Córdoba hiriak lotuko ditu, hau da, 710 kilometro egingo ditu. Proiektuaren sustatzaileek esandakoa betez gero, orduko 320 kilometroko abiadura harrapatuko du, eta hiru ordu nahikoa izango dira hiriburutik Córdobara iristeko. Datorren urtean hasiko lirateke tren berria egiteko lanak, 2012 urterako bukatzeko asmotan. Agintariek azken asteotan esan dutenez, proiektuaren aurrekontua 3.900 milioi dolarrekoa da. Ez dute esaten txartel batek zein salneurri izango duen, baina Argentinako hedabideetan irakur daitekeenez, hegazkinez joatea bezain «merkea» izango da «bala trenaz» joatea: garestiegia argentinar gehienentzat.

Hegaldia bezain garestia

Gauzak horrela, ez da harritzekoa egunero denbora asko geltokietan trenaren zain eman eta bagoietan estu-estu eginda ibiltzen direnak Cristina Fernández presidentearen egitasmoarekin haserre egotea. Dirutza hori beraiek egunero erabiltzen duten sarea konpontzeko erabili beharrean, «hegazkineko txartela ordaintzeko gai direnei» mesede egiteko gastatzea ez zaie ondo iruditzen.

Bidaiariek makina bat ekimen jarri dituzte abian, agintarien proiektuari aurre egiteko. Elkarteak ere barra-barra sortu dira. Pasajeros del Roca elkarteak, esaterako, webgune propioa du eta bere kideak maiz elkartzen dira. Elkarte honen eraginez, beste lineatako bidaiariek ere beren taldeak sortu dituzte. Agintariek ere kasu egin diete: Garraio idazkariordeak lau aldiz hartu ditu elkarteko ordezkariak bere bulegoan.

Bilera horietan agintariek onartzen dute egungo trenbide sistemak arazo ugari dituela, mantentze-lan egokirik ez dela egin, eta Menem presidentearen garaian hasitako gainbeherak segurtasun kontuetan ere izan duela eraginik. «Orain bi urte tren bat errailetik irten zen Adroguéko geltokian, egungo egoeraren larritasuna agerian utziz. Horregatik egokitze lan batzuk egiten hasiak dira», jakinarazi dute Pasajeros del Roca elkartekoek.

Euskal Herrian bezala Argentinan, agintariek esandakoak ez ditu guztiak konbentzitzen. Bidaiari argentinarrek urte asko egin dituzte sistema zaharkituarekin, eta badakite gaur agindutakoa bihar ahaztu egingo dutela. Trenbidea lurperatu egingo dutela, trenbidea elektrifikatu egingo dutela, bagoi gehiago ekarriko dituztela, geltokiak txukunduko dituztela... Urtero entzun beharreko hitzak, inoiz betetzen ez direnak. Orain, «bala trenak» eragindako salaketen ondorioz, tankerako gauza gehiago agindu zaie bidaiariei.

Agindutakoaren hutsuneak

«Propaganda hutsa. Ez dute ezer egiteko asmorik. Once eta Moreno geltokien arteko linea lurperatu egingo zutela esan zuten, baina lan horiek izango luketen ingurumen-inpaktuaren ebaluaziorik ez dute eskatu ere egin. Ezta egingarritasun azterketarik ere», adierazi zien kazetariei Juan Carlos Cena Argentinako Trenbideak Berreskuratzeko Mugimendu Nazionaleko kideak.

«Erabateko astakeria da `bala trena' egingo dutela iragartzea ere -adierazi du Juan Carlos Cenak-. Astakeria bai teknikoki, bai politikoki zein geopolitikoki. Kolapsatzeko zorian dagoen sistema erabiltzen dugun bidaiarienganako errespetu falta da honelako proiektu faraonikoa. Garraioak dituen oinarrizko arazoak konpondu beharko lituzkete aurrena, eta gero gerokoak».

«Bala trena» egiteko aukera Néstor Kirchner presidentearen garaian mahaigaineratu zen lehen aldiz, 2006an. Bere emazteak, Cristina Fernández egungo presidenteak, bere egin zuen proiektua. Beste inor baino sutsuago ageri izan da Fernández Kobra Proiektua -abiadura handiko trenaren izen ofiziala- defenditzeko garaian. Bere ustez, «modernotasunera egindako jauzia» da trena, eta proiektuak «eskualdearen profila, aukerak, erabat aldatuko ditu». Bere hitzaldiak Euskal Herriko agintari askorena ekartzen du gogora.

Joan den apirilean sinatu zuten kontratua Argentinako Gobernuak eta abiadura handiko trena egingo duten konpainiek. Fernández presidenteak orduan esan zuenaren arabera, tren berriari esker, Buenos Aires, Rosario eta Córdoba artean bizi diren herritarren %60 komunikatuta egongo dira. Gainera, 30.000 lanpostu sortuko ditu proiektuak, erlazio zuzena duten 5.000 eta gainerakoak zeharbidez.

Alstom konpainia frantsesa da «bala trena» egingo duen enpresen partzuergoko buru. Alstomek badu esperientziarik abiadura handiko trenak egiten. Baina bere jarduera «susmagarria» da Estatu frantseseko zein Suitzako epaileentzat, Brasilen, Venezuelan, Indonesian eta Singapurren kontratuak lortzeko jendea diruz erosteagatik. Isolux konpainia espainola eta Emapa eta Iecsa argentinarrak dira partzuergoan esku hartzen duten beste konpainiak.

Ustelkeria

Proiektu hau ez dute parlamentariek aztertu, Gobernuak ez baitu Parlamentura eraman, nahiz eta baliabide ekonomiko ugari xurgatuko dituen. Horretarako, proiektua zatitu egin dute, eta urte bakoitzari dagokion aurrekontuan sartuko dute trena egiteko gastatuko dutena. Oposizioko politikariek horixe salatu dute. «Ustelkeriarako sekulako aukera da bala trena», adierazi zuen Leandro Despouy diputatuak, Nazioko Kontu-ikuskariari gaia iker dezan eskatu zionean.

Bidaiariekin bat egin dute pertsona ezagun batzuek ere. Nabarmentzekoa da Fernando «Pino» Solanas zinemagilearen kasua, buru-belarri ari baita abiadura handiko trenaren aurkako sinadurak biltzen eta eztabaida zabaltzen.

Huts-hutsik dauden Ia mila herri eta bidaiari gazteak sabaian etzanda

Argentinako trenbide sareak sekulako beherakada jasan du azken urteotan, batez ere Carlos Menem presidente karguan egon zen garaitik. Ondorioz, sare horrek eskaintzen duen zerbitzua bera ere gero eta kaskarragoa da. Eskuineko irudiak oso ondo adierazten du egoera: tren zaharraren zain daude bidaiariak, batzuk nasa edo andenean, segurtasun arazorik gabe, eta besteak beste aldean, trenbidean, arrisku bizian. Bidaiari asko eta leku gutxi bagoietan: horrexegatik hartzen dute arriskua, trenera sartu ezinik ez geratzeko. Irudiak azaltzen duen zikinkeria ere oso esanguratsua da.
Linea gehienetan, arazo bera. Salbuespen bakarra, abiadura handiko trenaren aurkakoen iritziz, Mitre linea izango litzateke. Buenos Aireseko portutik gertu dagoen Retiro geltokitik hiriburuko iparraldean dagoen Tigre geltokira doa, eta badirudi beste lineak baino askoz ere hobeto dagoela.
Orain sei hilabete edo, irakasle batek plazaratutako salaketak oihartzuna izan zuen hedabideetan. Eskola tekniko bateko zuzendaria da irakasle hori. Telebista kate bateko kazetariei esan zien Belgrano Sur izeneko lineako trenak erabiltzen dituztela bere ikasleek. Trenak nahikoa bagoi izaten ez duelako, ikasleak eta gainerako bidaiariak estu-estu eginda joaten dira. Horregatik, batek baino gehiagok sabaira igotzea erabakitzen du, Indiatik eta Asiako beste herrialde batzuetatik iristen zaizkigun irudiak gogora ekarriz; bidaiariak, sabaian eserita edo etzanda.
Itxitako lantegiak
Bestalde, Argentinan trenbide sareak izan duen gainbeherari buruzko liburuak ere argitaratu dira azken hilabeteotan. Horietako bat “El ferricidio” da, Juan Carlos Cena Argentinako Trenbideak Berreskuratzeko Mugimendu Nazionaleko kideak idatzia. Bertan Cenak gogorarazten duenez, trenbide sareak 47.000 kilometro zituen garai batean. Orain hamasei urte edo, ordea, agintariek egoera hori aldatzea erabaki zuten. Geroztik, 10.000 kilometro besterik ez ditu. «Gaur egun huts-hutsik dauden 850 herri daude, garai batean trena pasatzen zen lekuetan eraikitakoak. Trena ez zen gehiago itzuli eta, ondorioz, orain huts-hutsik daude. Pertsonaren bat aurki daiteke bagoiren batean lo egiten, esaterako. Edo erabiltzen ez diren geltokietan. Rosario hiriko geltoki zaharrean ere ikus daiteke fenomeno hori». Lehen leku askotan zeuden errailak, bagoiak edo bestelako gaiak ekoizteko lantegiak, betiere trenbidetik gertu. Orain, guztiak itxita daude. «Agintariek lantegi horiek berriz lanean jarriko dituztela esan badute ere, itxita jarraitzen dute», jakinarazten du Cenak. Aditu honek nabarmentzen du «bala trenak» erabiliko duen teknologia guztia atzerrikoa dela.
Jorge Contestí idazlea trenbideekin zerikusia duten goi kargu batzuetan lan egindakoa da. Mitre lineako gerentea ere izan zen. Berak idatzi du “La República que ¿perdió? el tren” izenburuko liburua, trenbide sarea berreskuratzea posible eta beharrezko dela frogatu nahi duen lana. Contestík gogorarazten du trenbideari garrantzia kendu zitzaionean, kamioiek indarra hartu zutela. Berak esaten duenez, hogeita hamar bagoiko tren batek eraman dezakeen karga eramateko, gutxienez berrogeita hamar kamioi behar dira. Trenbide sarea berreraikiz gero, urtean 346 milioi litro erregai aurreztuko lirateke.

 

BALA TRENA
4.000 milioi dolarreko inbertsioak kanpo-zorra handituko du, atzerritarren mesederako 

Agintariek esandakoa betez gero, «bala trenak» orduko 320 kilometroko puntako abiadura hartuko du. Inbertsioa ez litzateke 4.000 milioi dolarrera iritsiko, aurkakoek hortik gora joango dela esaten duten arren. Cristina Fernández presidenteak dioenez, tren honi esker «modernotasunera» jauzia egingo du herrialdeak. Aurkakoek, berriz, gainontzeko trenek «bala trenarentzat» eraikiko diren errailak  ezin dituztela erabili eta bidaiariak eramateko bakarrik balio duela nabarmentzen dute. Gainera, tren hori erabiltzeko txartela garestiegia izango da argentinar gehienentzat, nahiz eta agintariek horri buruzko informaziorik ematen ez duten. Aurkakoen kalkuluen arabera, txartel bakoitzeko 120 bat dolar ordaindu beharko dira, «baliabide gutxiko herritarrentzat ordainezina».

Hiri handientzat bakarrik. Argentinako abiadura handiko trenak izango duen hutsunetako bat nabarmentzen dute proiektuaren aurkakoek: hiru hiri besterik ez ditu lotuko, Buenos Aires, Rosario eta Córdoba (eskuineko mapan ikus daiteke). Beraz, herrialdeko gainerako eskualdeak ahaztuta geratuko dira. Jakina, «bala trenak» ez ditu hurbilduko lehen ere trenbide sistemak ahaztutako lurraldeak. Adituek diote honelako proiektuek hiri handiak gehiago handituko dituztela, erdian dauden herriak hustu ondoren.

Atzerritarrekiko mendekotasuna. Argentinako abiadura handiko trenaren aurkakoek behin eta berriz aipatzen dute bertako enpresak berrindartu beharra. «Bala trena» ez doa bide horretatik, kontrako bidetik baizik. Estatu frantseseko teknologiarekiko mendekotasuna eragingo du, Argentinako trenbide industria sendotu beharrean. «Honelako trenek ez dute funtzionatu Europatik kanpo, oso tresna teknologiko konplexuak behar dituztelako; gainera, gure herrialdean ez dugu mantentze-lanen ardura gure gain hartzeko aukerarik», salatzen dute. Atzerritarrekiko mendekotasun horrek, bestalde, Argentinako kanpo-zorra handitu besterik ez du egingo. Kontuan hartu behar da proiektuaren zati handiena Estatu frantseseko Societé Generale bankuak finantzatuko duela. Gainera, «bala trenak» ez du baliabide ekonomikorik utziko gainontzeko trenbide sistema hobetzeko. 

GUZTIONTZAKO TRENA
Bertako industria indartu, atzerritarrekiko mendekotasunik eragin gabe eta merkeago

Guztiontzako trena» izeneko ekimena plazaratu dute «bala trenaren» aurkakoek. Sinadura bilketa jarri zuten abian sarean, eta hamar egunetan 350.000 lagunek bat egin zuten ekimenarekin. Horiek defenditzen duten trena bestea baino mantsoago joango da (120 kilometro orduko), baina egungo trenak baino askoz bizkorrago (40 kilometro orduko, batez beste). 3.100 milioi dolarreko inbertsioa eta 18.000 kilometroko trenbide-sarea: 7.000 bidaiari trenentzako eta gainerakoak merkantzia trenentzako. 300 lokomotora berri, 900 bagoi bidaiarientzat eta beste 15.000 merkantzientzat. Tren honetan sartu ahal izatea, egungo autobusetan sartzea baino askoz ere merkeagoa izango litzateke, sustatzaileen kalkuluen arabera.

Bazter guztietara. «Guztiontzako trena» proiektua bultzatzen dutenek nabarmentzen duten ezaugarrietako bat Argentinako eskualde askotara iritsiko dela da, ezkerreko irudian ikus daitekeenez. Hor bidaiarentzat eraiki edo egokitu beharreko 7.000 kilometroko luzera duen sarea marraztu dute, baina egileek esaten dutenez, hori lehen fasea besterik ez litzateke izango, eta gero bide beretik jarraitu beharko litzateke. Noroeste, Noreste, Cuyo, Centro eta Patagonia probintzietara ere iritsiko litzateke, makina bat herri egungo isolamendutik ateratzeko. Garraioa merkatu egingo litzateke eskualde horietan, eta ekonomia berrindartu, trenari esker.

Mercosurreko teknologia. Frantses teknologia erabili beharrean, Argentinako eta Mercosur erakundeko beste herrialdeetako teknologia erabiliko luke. Beraz, ez luke mendekotasunik eragingo. Gainera, bagoiak eta gainontzeko gauza guztiak Argentinan bertan egingo lirateke. Beraz, lanpostuak sortuko lirateke tren honen aldeko apustua eginez gero. Sustatzaileek emandako datuen arabera, Argentinako Banku Zentralak badu nahikoa diru atzerritarrei eskatzen ez ibiltzeko. Jorge Contestí idazleak idatzi duenez, egungo trenbide sistema «harriz betetako motxilarekin korrika egitera behartzen duten atleta bezalakoa da, eta ezin du markarik hautsi. Trenaren motxila harriz bete ziguten, eta gero mantsoegi doala salatu». Motxila arintzeko ahalegina izango litzateke «guztiontzako trena».

Elkarrizketa

Juan Pablo Gómez eta Mirta Garciarena
Pasajeros del Roca elkarteko kideak

«Egunean milioi bat lagun eraman beharko lukeen lineak, erdia eramatea ez du lortzen»

Mirta Garciarena eta Juan Pablo Gómez Pasajeros del Roca elkarteko kideak dira. Elkarrizketa honetan, elkartearen nondik-norakoak azaltzen dituzte, egungo trenbide sistemaren hutsuneak aipatzeaz gain. Euskal Herriko tankerako herri mugimenduekin harremanik ez dute, oraingoz. Ezta Europakoekin ere. Beraiena egoera negargarri batek eragindako elkartea bada ere, ez zaie falta optimismorik: «Gauzak aldatu nahi ditugu, bere onera itzul daitezen. Horretarako ari gara borrokan», adierazi dute.

–Modernotasunaren aurka egotea egotzi izan zaizue. Horrela al da?
Juan Pablo Gómez: Ezta pentsatu ere. Salaketa hori erabat absurdoa da.
Mirta Garciarena: Trenbidea modernizatzea nahi dugun bidaiariok osatzen dugu elkartea, gu baikara zaharkituta geratutako bagoi eta trenbideetan bidaiatu beharra jasaten dugunak. Linea batzuk orain berrogeita hamar urte egindakoak dira. Errailak, berriz, zaharragoak. Eta azken mende erdian ez dute ezer berritu. Egunean milioi bat lagun eraman beharko lukeen lineak, ez du lortzen kopuru horren erdia ere eramatea, erabiltzaile asko etsita dagoelako. Askok nahiago dute autobusa askoz ere garestiago ordaindu, lanera berandu ez iristeko.

–710 kilometro hiru ordutan. Erabat modernoa. 4.000 milioi dolarreko aurrekontua. Euskal Herriko esperientziak dio, honelako proiektu erraldoien kasuan, aurrekontuak oso motz geratzen direla. Eta Argentinan?
JPG: Proiektuaren aurka dauden parlamentariek egin dituzten kalkuluen arabera, 13.000 milioi dolar gastatu beharko dira, gutxienez. Gobernuak orain esaten duena hirukoiztu egingo da. Argentinan  ere horrelako esperientzia ugari ditugu.
MG: Yaciretáko presarekin horixe gertatu zen. Menem presidenteak ‘ustelkeriari egindako monumentua’ deitu zion, pentsa! Inor ez luke harrituko aurrekontuak gora horrenbeste egiteak.
 
–Trena berandu datorrelako, edo hotza pasatzera behartzen duelako, sortzen den haserreak, zenbat balio du?
MG: Erabiltzaileon haserrea batzuetan hedabideetara ere iristen da: jasaten dugun egoera erabat gaiztotzen denean, batzuek instalazioei su emanez haserre hori adierazten dutenean. Orain urtebete horixe gertatu zen gure linean.
JPG: Argi dago ez konpainiari ez Estatuari ez zaiela axola gure sufrimendua. Beti asmatzen dute aitzakiaren bat. Iazko istiluetan, enpresak egunero ezartzen duen indarkeriari, indarkeriarekin erantzun zioten batzuek. Hori bai, egoera hori eragin duten konpainiako buruak inork ez ditu zigortuko.

–«Bala trena»ren txartelaren salneurria, hegazkinarenaren  modukoa. Nork erabiliko du tren hori?
JPG: Oso jende gutxik erabiliko du, baina denok ordaindu beharko dugu, zergen bitartez, dirulaguntza publiko ugari beharko du-eta. Horregatik salatzen dugu proiektuak gizarte desberdintasunak areagotu egingo dituela.
 
–Zuen elkartea Gobernuko ordezkariekin bildu izan da.
JPG: Pasajeros del Roca elkarteak beste erabiltzaile batzuek osatutako Sufridos Usuarios del Ex Roca eta Mejoremos el Tren elkarteekin bat egin zuen, Recuperemos el Tren plataforma osatzeko. Gure jarduera 2005ean hasi zen. Sinadura bilketak egin izan ditugu, gure eskariak indartzeko. Esan dezakegu bidaiariok egindako presioari esker, Gobernuak konponketa lan batzuk egitea erabaki zuela. Hori bai, oso gutxi. Lehen baino gehiago, ordea. Gure jardueraren berri www.pasajerosdelroca.blogspot.com webgunean ematen dugu.
MG: Gure elkartea erabat autonomoa da, zuzendaritzarik gabea, gidaririk gabea. Nahi duten pertsona guztiek esku har dezakete jardueretan eta bileretan.

–Zein hitz aukeratuko zenukete egungo trenbide sistemaren egoera deskribatzeko? 
JPG: Kritikoa. Kolapsatzeko zorian dago, inbertsiorik egiten ez dutelako. Bidaia oso egoera txarrean egin behar da. Edonor sutan jartzeko moduko baldintzatan edukitzen gaituzte. Beste garraio publikoak ere egoera berean daude, eta herritar askok autoa erabili beharra izaten dute, Buenos Aires hiriburuko auto zirkulazioa ezinezko bihurtuz. Trenbideak sekulako potentziala dauka arazo horiek guztiak konponbidean jartzeko, garraio mota seguruena, merkeena eta garbiena izateaz gain. Benetako borondate politikoa izango balitz, gauzak asko aldatuko lirateke.

Iruzkinak (1)

...
I took my first credit loans when I was 20 and this helped my relatives very much. Nevertheless, I require the short term loan over again.
PittmanImogene27 , 2012/04/09

Iruzkina idatz ezazu

laburra | luzea

busy
 
Loading..
Urtarrila 2021 Otsaila 2021
As As As Os Os La Ig
1 2 3
4 5 6 7 8 9 10
11 12 13 14 15 16 17
18 19 20 21 22 23 24
25 26 27 28 29 30 31
Egun hauetan ez dago ekintza programaturik
Ikusi agenda osoa