Publizitatea
Bannerra
Erdaraz askatasunez PDF fitxategia Inprimatu E-posta
2008/10/14

KOLABORAZIOAK
Alfonso Cantera - Barakaldoko herritar euskalduna

Patxi Lopezek, PSE-EE-ko lehendakaritzarako hautagaiak, igaro den astean euskalgintzako eragile anitzen aurrean Euskara askatasunez agiria plazaratu zuenetik, ikuskizun deitoragarria jasan behar izan dugu Euskal Herriko komunikabideetan. Goizetik gauera euskal politikari profesionalak euskararen defendatzaile sutsuak bilakatu zaizkigu eta alderdi politiko bakoitzak hizkuntza normalkuntzaren alde emandako urratsak erakusteari ekin diote plaza publikoan.
Lopezen agerraldiaren ostean EAJ-koek hartu zuten txanda. Andoni Ortuzar BBB-ko presidenteak Ezkerraldeko hainbat hautetsi alboan zituela, PSE-ko hautagaiari hauteskunde atarietan itxurakerietan aritzea leporatu eta euskararen aldeko urratsak udaletxeetatik bertatik bultzatzea eskatu zion. Gaur berriz PSE-ko Ezkerraldeko agintariak ditugu kontraerasoan: «Gu gara euskara gehien bultzatzen dugunok» eta «euskara guztion ondarea da» bezalako esaldi biribilak zabalduz.

Esan bezala, oso argazki adierazgarriak ikusi ahal izan ditugu egunotan. Gure Ezkerralde txiki honetako PSE eta EAJ-ko agintari politikoak, Euskal Herriko jendarteari euskararen inguruko mezuak igorriz ikusi ditugu...Hamaika ikusteko jaioak gara!. Hauteskunde garaia iritsitakoan, askotan ikusi ditugu bertako agintari desberdinak udalerrietara gerturatzen lan baldintzetaz hitz egin asmoz, ekonomiaren gorabeherez mintzatzen, lantegietako beharginekin batera argazkietan azaltzen...Baina euskarari buruz berba egiten?...Euskarari buruz?! Horrelakorik inoiz ez! Orain, ordea, nazio hedapena daukaten hedabideetan dauzkagu euskara gai nagusi hartuta.

Bi urte luze daramatzat Barakaldoko euskalgintzatik oso aldendua, 10 urteetan zehar herriko elkarte euskaltzale batean parte hartu ostean. 10 urte horietan zehar euskararen inguruko borroka anitzetan parte hartu ahal izan dut, era batean edo bestean. Udalerrirako Euskararen Ordenantzak aldarrikatu ditugu, haurrak euskalduntzen dituzten eskolen aldeko jarduerak bultzatu ditugu, hezkuntza sistemak kaltetutako herritarrak antolatzen ahalegindu gara...Eta bitartean Barakaldoko udaletxetik kolore askotako agintariak pasa dira: PSOE-PP, PSOE-PNV, PSOE-EB...

Egun hauetan komunikabideetan ikusitakoak barrunbeak astindu dizkit eta Ezkerraldeko euskararen defendatzaile sutsu hauen atzean ezkutatzen diren benetako ekinbideak zeintzuk diren argitzera behartua sentitu dut nire burua. Izan ere, egunotan irakurritako zenbait kontu jendearen inteligentziaren kontrako erasotzat har daitekeela iruditzen baitzait.

25 urte daramatza PSE-EE Barakaldoko Udal Gobernuan eta euskararen alde gehien egiten omen duten horiexek honako panorama taxutu dute urtetik urtera: Barakaldoko kaleetan euskararen erabilera %1ekoa da, udal haurreskoletan eredu hirueleduna ezarri zuten euskarazko eredua baztertu asmoz, Euskararen Udal Ordenantzak eta Normalkuntza Planak pentsaezinezko tresnak dira bertan, Udalak euskara teknikari bakarra du itzulpenak egiteko baliatzen duena, euskara ikasteko beka sistemarik ez dago onartua, Barakaldo Antzokian ingelesezko ikuskizunak euskarara bikoizten dituzte...Ezaugarri guzti hauek (eta makina bat gehiago) aintzat hartuta, 2006 urtean Kontseiluak eginiko udalerrietako hizkuntza politikaren neurketan, 10 puntutik 1,4 besterik ez zituen eskuratu PSE-k kudeatutako Barakaldoko Udalak.

Hala ere, ezin daiteke esan euskararen alorrean aurrerapausorik ez dugunik eman. Herritarren borroka luzearen eraginez, normalkuntzaren aldeko urrats txikiak ematera behartu izan dugu Udala. Aipagarria da mobilizazio ugari eta milaka atxikimendu bildu ostean barakaldar guztion etxeetara iristen den Udal Aldizkaria elebiduna izatea lortu zutela euskaltzaleek. Hauxe da Ezkerraldeko PSE-EE-ko buruzagiek gustuko duten bake linguistikoa, Euskal Herri osoan, lau haizetara zabaldu nahian dabiltzatena.

Boterearen hizkuntza

Horixe da bertako EAJko agintariek gustuko duten hizkuntza. Gogoratu behar da jeltzaleak azken urteetan Udal Gobernuan eta oposizioan egonak direla. Hortaz, denborak eskaintzen duen perspektibaz baliatuta oso jarrera kontrajarriak topatu daitezke aipatutako alderdia poltronan edota oposizioaren bulego hezean egonda. Jeltzaleak Udal gobernuan egon diren bitartean, Korrika bezalako ekimen bati dirulaguntza eta bitartekoak ukatzen zizkioten eta oposiziora pasa direnean euskaltzaleenak bilakatu zaizkigu. Euskalgintzako kideok oraindik ez dugu ahazten Euskararen Udal Ordenantzak osatzeko proposamena udalbatzaren mahai gainera eraman genuenean zein izan zen beraien erantzuna. EA, EB eta EH izan ziren udal ordenantzen beharra azpimarratu zuten alderdi politiko bakarrak.

Ibiliaren ibiliaz erakusten du bakoitzak, esanak ekintza zehatzetan bilakatzen dituenentz eta Barakaldoko EAJ-k egunotan argibide batzuk eskaini dizkigu zentzu horretan. Barakaldar guztion postontzietan, erdara jatorrean osoki idatzia dagoen informazio eskuorria zabaldu berri dute. Ez zait oso eredugarria iruditzen Udalari euskararen aldeko ekintza zehatzak eskatzen ibiltzea eta aldi berean ekimen baztertzaileak burutzea.

Aski da PSE eta EAJ-ko jaun andreak! Euskararen normalkuntza ez da egikarituko hauteskundeen atarian edukirik gabeko propaganda kanpainak indarrean jarriz, komunikabideetan norgehiagoka faltsuak antzeztuz edota herritarren aurrean gezurretan arituz. Nahi eta nahi ez eguneroko ekinbideek kokatzen dute bakoitza dagokion tokian... Baita euskararen defendatzaile faltsuak ere.

Iruzkinak (0)

Iruzkina idatz ezazu

laburra | luzea

busy
 
Loading..
Abuztua 2019 Iraila 2019
As As As Os Os La Ig
1 2 3 4
5 6 7 8 9 10 11
12 13 14 15 16 17 18
19 20 21 22 23 24 25
26 27 28 29 30 31
Egun hauetan ez dago ekintza programaturik
Ikusi agenda osoa

Get Flash to see this player.