Euskal brigadistak mehatxatuak Inprimatu
2008/08/29
KOLABORAZIOAK
Unai Vazquez - Barakaldoko Askapenako kidea

Azken egunotan Euskal Internazionalismoaren kontrako errepresioaren areagotzearen berri izan dugu. Udaro Askapenak bidalitako brigadek, egun hauetan etxera bueltatzen ari direnek, ez dute lekuz lekuko komunikabideen kriminalizazioa soilik jasotzen orain arte ohitu gaituzten moduan. Orain, brigadistei heriotz mehatxuak egiten dizkiete. Euskal Herrian egonda, sakeleko telefonora, Agilas Negras kolonbiako talde paramilitarraren izenean iritsi dira mehatxuak,  Euskal Herrian jarrera internazionalista izateagatik, europan FARCeko bozeramailea izatea leporatuz. “Kasualitatez”,  Garan CocaColak kolonbiar paramilitarismoarekin dituen inplikazioak salatzeko iritzi artikulua argitaratu eta hurrengo egunean egin zuten mehatxua, CocaColaren kontrako nazioarteko egunaren bezperarekin “koinzidituz”.

Kolonbian eta Euskal Herrian ezagutzen dugu paramilitarismoa, gerra zikina, bai eta estatuen eta paramilitarismoaren arteko ezinbesteko lotura ere.  “Aguilas Negras” taldeak (lehen AUC eta Convivir) milaka sindikalista, giza eskubideen aldeko ekintzaile, nekazari eta militante garbitu ditu, irudika litezkeen modurik ankerrenetan. Beraiengandik ihesean 4 miloi kolonbiarrek ihes egin behar izan dute, beren bizitzak salbatzeko. Gorputzei eta gorpuei izugarrikeriak egiten dizkiete ikara zabaldu dadin...

Bada, argi eta garbi izan dezatela Kolonbiar eta Espaniar estatuek, transnazionalek, oro har, eta Coca Colak bereziki: Euskal Herriak boikota  zabaltzen jarraituko du, eta ez izan dudarik, herri honek erantzungo duela, apurka-apurka Euskal Herria Coca Colarik gabeko gune erraldoi bat bihurtu arte. Eta munduan elkartasun ekimen hau bultzatzen duten beste hainbat eragileekin batera, Coca Colaren irribarre zuria beltzuko dugu, barnean duen benetako kolorea agerian uzteko.

Kriminalizazioak, beldurrak, errepresioak edota gerra zikinak ez dute herrien arteko elkartasuna etengo.

Informazio gehiago: http://www.askapena.org/berriak/men/karpeta_eu/555/ind_aska