Ai ene desditxadea! Inprimatu
2008/07/21


KOLABORAZIOAK
Arrate - Sasiburuko kidea

Euskararen erabileraren inguruan azken egunotan hausnarketa ugari entzun eta irakurri ditugu azken 30 urtetako argudioak behin eta berriro errepikatuz. Horren harira, orain zenbait hilabete eskuartera heldu zitzaidan liburu bat irakurtzen hasi nintzen Ander Rosek eta Esperanza Saizek eginiko  Barakaldo eta Enkartazioen historia linguistikoaz (litterae vasconicae euskararen iker atalak 8).

Eta  horretantxe aipatzen da artikulu honen goiburua honelako testuinguruan: “Goiburukoa, hil-hurren zegoela, Concepción de Tillitu neskato barakaldotarrak hiru bider errepikatu zuen aienezko garrasia dugu. Neskatoaren heriotza Abandoko Zorrotza auzoan 1712an gertaturiko krimen lazgarria izan zen(...) Lekukoen aitorpenetan, neskatoa Burtzeñako pasajean erreka igaro eta handik Basurtura lagunduta joan zela azaltzen da; halaber, Nobia auzorantza bakarrik abiatu eta ondoren Elexabarriko ermitan meza entzuten ikusi zutela, beti segika mutil bat zuela...” Horren inguruan kuriositatea piztu bazaizue mesedez irakurri ikerkuntza lan hau osoa bene-benetan oso interesgarria iruditu baitzait.

Concepción de Tillitu gizarajoa garai horretako emakumeen aurkako indarkeriak hil zuen eta bere azken hitzak XVIII mendean euskaraz esateak garrantzi handia dute gaur egun euskara erabileraren alde lan egiten dugunontzat. Azken batean, emakumeen aurkako indarkeriak eta euskararen aurkakoa eskutik helduta joan dira azken mendeotan.

Asko eta asko dira euskarari begirune osoa diotenak baina bakarrik kulturaren aztarna zaharkitua izateko, ez eguneroko bizitzan erabiltzeko. Paraleloan, emakumearen aurkako indarkerian emakumeak babes osoa jaso behar du baina babesa baino jabetza moduan ikusten dute askok (nire emaztea, nirekin edo inorekin,...). Hau paradoxa!! Emakumea erail duten hiltzaile askok esaten dute oso maite zutela emakumea. EUSKARAREKIN EZ OTE DA ANTZEKORIK GERTATZEN? Nik euskara maite dut baina egunero gorrotozko labankada ematen diot.

Emakumeek gizonok bezalaxe eskubide berdinak izan behar ditugula eta nonahi bermatuta egon behar direla esaten dutenek aurpegia zuritu nahi dute politikoki zuzen jokatuz. Gaur egun hori dena inolaz ere betetzen ez bada ere. Osakidetzarako lan egiten duen garbitegi batean emakumeek gizonek baino diru gutxiago kobratzen dute, Barakaldoko jaien pregoian  euskara zero!!!. Hori da eskubideak bermatzea, hori.

Euskara erabiltzeko esperantza gure seme-alabengan jarri genuen eta 25 urte pasa eta gero seme alaba horiek duten errealitatea ( ez jakite mailan, bederen) antzera segitzen du, gure herrian erabilera tasa % 1 baino gutxiago izaten jarraitzen du. Emakumeen aurkako indarkeria gero eta nabarmenagoa da tasa haunditzen dihoalako. Zuk uste duzu gure seme alaben hezkuntzan utzi ahal ditugula ardura horiek?

Hauek guztiak egoera lazgarri baten adibide bakanak besterik ez dira. Nonahi eta noiznahi aurki dezakegu euskararen eta emakumearen aurkako indarkeria.

Orain 300 urte Concepción de Tillituk  ai ene desditxadea hitzak hartu behar ditugu ikurra moduan ez ahazteko guztion lana eta ardura dela emakumeen aurkako eraso físiko eta sikologikoei aurre egitea, euskararen erabilerarekin egin behar dugun bezalaxe. Horretarako, albo batera utz ditzagun behin eta berriro errepikatzen ditugun ohiko esaerak, aitzakiak, edo pixka bat es mucho bezalako kanpainak eta ekin diezaiogun zuzeneko eta hurbileko lanari, eraldatzea gutariko bakoitzean baitago.

PD: Honen inguruan GAUZA DAITEZKEEN proposamen praktiko ugari datorren kolaborazioan.