Nazioarteko preso politikoen egunean elkarretaratzeak izango dira Euskal Herriko hainbat hiritan Inprimatu
2013/04/11

Apirilaren 17an Askapenak elkarretaratzeak antolatu ditu Euskal Herriko hainbat hiritan nazioarteko preso politikoak gogoratzeko, eta, batez ere, Saharako preso politikoen egoera salatzeko.

Bilboko ekimena Moyua Plazan izango da eguerdiko 12etan, eta Arrasatekoa herriko plazan izango da 18:00etan. Hauek dira lehenengo deialdiak, baina beste zenbait herritan ere izango dira, oraindik orain ekinbide horiek berretsi gabe badaude ere.

 

Apirilaren 17an preso politikoen nazioarteko eguna ospatzen da. Hain zuzen, Mahmud Baker Hijazi, preso palestinarra 1974an askatu zuteneko eguna hautatu zen munduko gainerako borroketan preso eroriak oroitu eta babesteko. Askapenatik ere, urteak daramatzate egun horren baitako lanketa burutzen, preso politikoen gaia azaleratu eta salatzen, nahiz eta gure herrian, egunotan debekatua egon, arazo politikoen ondorioz gatibu daudenei preso politiko deitzea ere.

Azken urteetan munduko preso politikoen kolektibo baten baitan antolatu dira zenbait ekimen. Besteak beste, postal bidez, euskal herritarrak eskutitzak idaztera gonbidatu dituzte. Horrela, 2011n kolonbiar preso politikoei ehunka postal bidali zizkioten, baita bertatik erantzuna jaso ere. Pasa den urtean maputxeen kolektiboari idatzi zioten eta aurtengoan, berriz, saharar preso politikoei idaztera eta egingo diren ekimen desberdinetan parte hartzera gonbidatu gaituzte.

 

Arrasateko deialdia

Apirilaren 17an, Preso Politikoen Nazioarteko Eguna ospatzen dela eta, Arrasateko Askapenak eta Arrasateko Nubi elkarteak, Saharar Preso Politikoei eta oro har Saharar herriari elkartasun keinu bat bidali gura die.

Hori horrela, ekimen bat gauzatuko da Herriko Plazan 18:00etatik aurrera.

Bertan , Saharar Preso Politikoei eskutitzak eta marrazkiak igortzeko aukera egongo da. Halaber, tea hartzeko mahaia eta erakusketa bat egongo da ikusgai bertako musikaz lagundurik.

Beraz, herritar denak gonbidatu dituzte,apirilaren 17 eguaztenean, Saharar Preso Politikoei elkartasuna adieraztera eta Marokoren kolonizazio errepresiboa eta Espainiako Gobernuaren kolaborazionismoa salatzera.