Tontxu Campos hezkuntza sailburuaren proposamen berrituak sektore euskaltzaleak asaldatu ditu Inprimatu
2008/11/15

Gaur 12:00etan agerraldia burutu du ESKOLAK EUSKALDUNDU Herri Ekimenak eskolak euskalduntzeko beharraren gainean hitz egiteko. Agerraldian irakurri den testuari atxikimendua emandako 60 bat lagunek hartu dute parte.

Aipatutako testuak jasotakoaren arabera, Eskolak euskalduntzea eskubidea, nahia eta beharra da, Euskal Herria euskalduntzeko gainditu beharreko mugarria. "Dena den, eskubide honen zapalketa Euskal Herri osoan bizi dugu  lurralde administratibo bakoitzean modu ezberdinetan gauzatzen baldin bada ere". Hona hemen Eskolak Euskaldundu plataformako lagunek esparru administratiboka eginiko irakurketa.

iruzurra

Nafarroa: Euskara bigarren mailatik hirugarrenera
Plazaratutako datuen arabera, eskolak 5 ikasletik 1 euskalduntzen du soilik. Euskaltzaleen salaketa argia da: “D” ereduaren matrikulazioak gora egiten jarraitzen duela ikusirik, "Nafarroako gobernua erasoaldi berri eta sutsuan ari da, euskara bigarren mailako hizkuntza izatetik, hirugarren mailako hizkuntza izatera igarotzeko politikak sustatuz". Gobernuaren helburua gaztelera eta ingelera derrigorrezko hizkuntza bilakatzea da, euskara hautazko gisa utziz. Honen aurrean Nafar gobernuari honako eskaerak egiten dizkiote: "Euskara horren egoera larrian utzi duen Vascuencearen legea bertan behera utzi beharra dago, erasoak eten eta euskalduntzea bermatzeko politikei ekiteko garaia da".

Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoa: Marketing politikek euskara galbidean kokatu dute
Euskaltzaleen aburuz, euskara hil zorian dago hiru herrialde hauetan, guraso-seme/alaba transmisioa etenda eta eskolak ikasleen %5 euskalduntzen duela. "Frantziako Gobernuari Euskararen Erakunde Publikoaren bidez egiten ari den marketin politika errotik aldatzeko eta Euskararen Ofizialtasuna aitortzeko eskatzen diogu".

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa: erabaki historikoaren atarian

Eskolak euskaldundu plataformaren arabera, "eskolak EAEko ikasle guztiak euskalduntzea edo beste hamarkada batzutan egoerak bere horretan jarraitzea da hurrengo egunetan erabakiko dena, asko dago jokoan, erabaki historikoen garaia da". Aste honetan zehar eragile anitzek aipatu duten moduan, zera adierazi dute ere plataformako kideek, "Hezkuntza Sailak mahai gainean jarri duen proposamena ez da aski, proposamena zehazgabea da, malgua eta minimoki jaso beharko lituzkeen neurri hauek falta zaizkio:
-Helburua argi zehaztea: B2 maila (ingeleseko First) minimo gisa ikasle guztiek lortzea.
-Eredu berria D ereduaren parekoa izatea gutxienez, orain arte ongien funtzionatu duen eredua delako: euskaraz emaitza onenak eman eta gazteleraz eredu erdaldunen pareko emaitzak emanez.
-Irakasle eta hezkuntzako langile guztiak euskaldunak izateko neurri zehatzak.
-Legea garatzeko finantziazioa eta ikastetxeek behar dituzten baliabideak esleitzea".

Testuaren sinatzaileek gogora ekarri dute orain bi ikasturte 107768 herritarrek eskolak euskalduntzearen aldarriari babesa eman ziotela, "gure herrian egin den sinadura bilketa handienetako izaki". Baina sinatzaileen arabera herritarren ahaleginak lege babesa behar du, "hori baita gaur egun eskolak hiru ikasletik bakarra euskalduntzearen arrazoia, herritarren borondatea errealitate bilakatuko duen lege babesik eza".

eskolak euskaldunduEskolak euskalduntzea errealitatea bilakatu dadin pausua bizkortuko dute
Euskal Herriko ikasle guztiak euskaldunduko dituen eskola errealitate bilakatzeko proposamen nazional baten zutabe nagusi batzuk zehaztu dituzte:
-Euskal Herri osorako proposamena eta ikasle guztiak euskalduntzeko helburua.
-Euskaldun eleanitzak. Euskara ardatz eta lehentasunezko hizkuntza nagusia izan behar du, gainontzeko hizkuntzei tokia gordez.
-Eskolako bizitza euskaraz egiteko berme gisa hezitzaile eta langile guztiak euskaldunak izan behar dira.
-Euskara hizkuntza propio gisa ikasi eta erabiltzeko euskal kulturan eta  identitatean oinarritutako eskola behar dugu, Euskal Curriculuma behar dugu.

Testuaren sinatzaileek herritarrei ere euskararen alde lanean jarraitzeko eta administrazioetatik datozen iruzur eta eraso berriak salatzeko dei egiten dituzte.

100 lagunetik gora izenpetu dute aipatutako testua, tartean honako izen ezagunek: Mikel Labaka ( Errealeko jokalaria), Mikel Aranburu (Errealeko jokalaria), Mikel Astarloza ( Txirrindularia), Jose Maria Arrate ( Athletic-en presidente ohia), Peio Albite, Junkal Peña eta Iñaki Murua (irakasleak), Fito Rodriguez Bornaetxea, Eider Rodríguez eta Lander Garro (idazleak), Jon Maia, Iñaki Viñaspre, Oihane Perea eta Sustrai Colina (bertsolariak), Pirritx eta Porrotx, Maite aritegi (Nazio Eztabaidagunea), Victoria Mendoza (Anitzak elkargunea), Arantza Urbe (Hik Hasiko kidea), Ruben Iglesias (Euskal Curriculumean aditua), Aitziber Martinez de Lagos ( Sortzen Ikasbatuaz), Edurne Larrañaga ( EHBE), Unai Txurruka (Ikasle Abertzaleak), Urtzi Ugalde (EHE), Idoia Ormazabal (LAB)

EHEk ere Tontxu Campos-en atzera pausuak arbuiatu ditu prentsa ohar honen bitartez:
Iruzurra. Hori da Tontxu Camposen kontseilaritzak hezkuntzako eragile eta sindikatuei aurkeztu berri dien ereduen proposamenaren inguruan EHEk egin duen balorazioa. Duela hile batzuk proposamen horren inguruan lehen zertzeladak jaso genituen; proposamena, oro har, ez zela nahikoa baloratu zen garai hartan eragile ezberdinen eskutik. Eta orain balorazio are kaxkarragoa egin beharrean aurkitzen gara: alderdikoikeriaren mesedetan, proposamen malgutua eta ahula eskaini digute Lakuatik. EAJ eta EBk argi erakutsi dute ez dutela euskararen etorkizunerako inongo urratsik emango; halaxe erakutsi dute ereduen proposamen berria gauzatzen joan den ibilbide guztian. Eta EAk ere ez die eskaera horiei muzin egin, jaso berri dugun proposamenean argi geratzen den bezala. Baldintza gabeko aliatuak dituzte bide horretan gainera, izan ere, indar espainolistek betiko jarrera anti-euskalduna erakutsi baitigute behin eta berriz.

euskararen etsaiakEuskarazko irakasgaien %60 euskaraz izateak, gaur egun indarrean dagoen B ereduaren oso antzekoa da; gogoratu behar dugu Aztiker-ek 2004an eginiko azterketan eredu horretan ikasitako hiru ikasletik bik eskolaldia euskaldundu barik amaitzen zutela. Bada, argi dago zein ondorio ekarriko dituen neurri horrek: etorkizunean eskolatik aterako diren ikasle guztiek euskara behar bezala ez ezagutzea.

Nahikoa da iruzur berriez eta erdipurdiko proposamenez. Euskal Herriak eta eskolak behar dutena eredu berri bat da, eta euskalduna. Euskararen etorkizuna bermatzeko, Euskal Herri euskalduna eraikitzeko ezinbestekoa izango herritar guztiek euskara ezagutzea eta bide horretan, guztiz beharrezkoa da belaunaldi berrien euskalduntzea helburu izango duen politika berri bat gauzatzea. Ereduen nahas-masak eta ehunekoen banaketak ez du euskara kinka larritik aterako; okerrago, galera prozesua areagotu egingo du.