Barakaldoko Makala II gaztetxeko sarraila kolaz boikotatu dute Inprimatu
2014/10/15

Gaztetxearen aurkako erasoaren irudia

Barakaldoko gazte asanbladak jakinarazi digu, atzo urriak 14 Makala II gaztetxeko sarraila kolaz boikotatua izan zela. Hau ez da gaztetxeak eta gazte asanbladak jasan duten eraso bakarra: inaugurazioaren egunean munizipalak agertu ziren bertan zeuden gazteei gaztetxearen barruan bazkaltzera aginduz, 12 gazteren aurkako prozesu judizial bat zabalik dago usurpazio delitu bat egotzita (lokalaren barruan bilduta egoteagatik)… Gazteek ohartarazi dute errepresio eta eraso guztien gainetik beren lanarekin jarraituko dutela eta kultur eta aisialdi alternatibo bat sortzen segituko dutela.

Barakaldoko Gazte Asanbladaren prentsa oharra:


Barakaldoko Gazte Asanbladak gazteentzako eta gazteengatik lokal autogestionatu baten erabilpena martxan jarri zuenetik, erakunde, kolektibo eta udaletxearen partetik errepresioa eta hainbat eraso bizi izan ditu.

Sarrailaren irudiaKultura eta aisialdi alternatiboak eraikitzeko asmoz Kobazulo gaztetxea martxan jarri genuen lehenengo momentu beretik, mota guztietako erasoak sufritzen hasi ginen: munizipalen eta ertzaintzaren ezohiko bisitak gazteri antolatua kriminalizatzeko. Are gehiago, bisita horietariko batean ertzain batek zotz bat sartu zuen Kobazuloko atearen sarrailan jendea barruan zegoelarik eta sarraila apurtuz.

Egun, Makala II gaztetxearekin aipatutako errepresioa ez da gelditu: inaugurazio egunean munizipalaren bisitak programatuta zegoen bazkaria lekuz aldatu zuen, lokalaren barruan bilduta egoteagatik 12 gazteen aurka prozesu judiziala irekita dago usurpazio delitua egotzita, eta atzo bertan, urriaren 14an, gaztetxearen sarraila pegamentuarekin boikoteatua izan da.

Hala ere, Barakaldoko gazteria ez da eraso hauen aurrean kikilduko, ezta geldituko ere, askotan  adierazi baitugu jabetza pribatuak gizartea itotzen duela eta indibidualista, berekoia eta ankerra bihurtzen duela. Honengatik guztiagatik okupazioa ekintza giza bultzatzen jarraituko dugu, herrian hutsik eta erabili gabe dauden lokalen berreskurapena eta berrerabilpena aldarrikatuz. Itotzen gaituen sistema honi aurre egiteko, aisialdi, kultur eta sozializazio gune alternatiboak eraikiko ditugu egun indarrean dagoen kontsumismo, burokrazia eta jerarkiekin amaitzeko.

Makala II gaztetxea herrian eta, batez ere, auzoan bultzatzen jarraituko dugu, gure dinamika alternatiboekin aurrera jarraituz:  laster hasiko diren tailerrak, elkarrizketak eta eztabaidak, drogen eta kontsumismotik at oinarrituta dauden jaiak…  Gazteriak gazteriarentzako eraiki dezakeen oro, alegia.

Hau guztia salatu eta gero, proiektu honekin bukatu nahi duenari adierazi nahi diogu aurrean gazteri borrokalari bat duela, aurrean jartzen dizkiguten eragozpen guztiekin amaitzeko beldurrik ez duena.

Gaztetxeak jasandako erasoaren argazkiak eta, honen aurrean gure erantzuna, hurrengo egunetan martxan jarriko diren tailerren kartelak eransten dizkizuegu.