Publizitatea
Bannerra
Estatu espainiarrak eta guardia zibilak, euskal preso ohien ogasunen aurkako operazioa egin dute PDF fitxategia Inprimatu E-posta
2018/05/17

Operazioaren irudia

Gaur goizean guardia zibilak hainbat euskal preso ohien ogasunen aurkako operazioa egin dute. 50 euskal preso ohiren kontu korronteak, ibilgailuak eta bestelako ogasunak hatzeman dituzte, etekin ekonomiko horiek biktimen kalte-ordainetara bideratzeko. 50 preso ohien artean batzuk Barakaldokoak dira, esate baterako Roberto Vecinori, kotxea hatzeman diote.



Egun osoan zehar eragile ezberdinek operazio honen aurka agertu dira. Sortuk espainiar gobernuari galdetu dio, ea hau den bere erantzuna ETAren azken adierazpenaren aurrean eta herri hau iraganera lotuta mantendu nahi dutela salatu du. Horregatik honen aurrean erantzun hoberena ziklo berriari bultzada ematea dela azpimarratu du. Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako mugimenduak ere bai gaitzetsi du operazioa eta preso politiko ohiak miseriara kondenatu nahi dituztela salatu du. Honen aurrean irtenbide indibidualekin etorkizunik ez dagoela argi utzi dute eta desobedientziarako deia egin dute. Sarek operazio hau mendeku politika baten barruan dagoela salatu du eta euskal jendarteko gehiengoaren aurka dela azpimarratu du.

Sorturan oharra:

 

Operazio polizial berri honi erantzunik onena da ziklo berriari bultzada ematea.

SORTUk gogor salatzen du Barne Ministerioak abiatu duen operazioa, eta elkartasuna agertu die kaltetutako guztiei. Arkaitz Rodriguez SORTUko idazkari nagusiaren esanetan, “hau da espainiar estatuaren erantzuna ETAren amaierari. Herri hau iraganera lotuta mantendu nahi dute, euskal gizarteak aurrera egin nahi duenean. Gerra egiten jarraitzen dute, euskal gizarteak bakea nahi duenean”.

Gaurko polizia-operazioa ez da ezer berria. “Duela 10 urte bakar batzuk atxilotu egin gintuzten ezker abertzalearen estrategia aldaketa galarazten saiatzeko. ETAren armagabetzea galarazten saiatu ziren, besteak beste, horretan ziharduten militanteak atxilotuz. ETAren desegitea ere trabatzen saiatu dira; orain artean publiko egin ez bada ere, jakingarria da: sekulako presioak egin zizkioten Suitzako gobernuari Genevan egin zen ekitaldia egin ez zedin. Eta orain hau”, adierazi du.

Operazio honez gain, testuinguru honetan kezkatzeko moduko hainbat elementu gogorarazi ditu SORTUko idazkari nagusiak: Hernaniko pintadak, intoxikazio mediatikoak, Altsasukoen epaiketa... “Horien guztien helburua da herri honetan bakearen eta askatasunaren bidea zangotrabatzea”, esan du.

ETAk bere biolentzia erretiratu du definitiboki ekuazio politikotik; espainiar estatuak jarraitzen du bere biolentzia erabiltzen bere egitasmo politikoa inposatzeko bai Euskal Herrian bai Katalunian. “Zergatik?”, galdetu du “biolentziarik gabe ez delako ezer. Beldur diolako eztabaida demokratikoari. Ez daukalako eskaintza demokratikorik ez Euskal Herriarentzat ez Kataluniarentzat. Badakielako, biolentziarik gabe, bai euskal gizarteak bai kataluniar gizarteak luze gabe apustu egingo dutela estatu propio bat eraikitzearen alde”.

Horren aurrean zera esan nahi du SORTUk: ez dute lortuko ez ezker abertzalea ez euskal gizartea milimetro bat ere mugiaraztea bakearen eta askatasunaren aldeko apustutik. Ez dute lortuko.

Operazio berri honen aurrean erantzunik onena da ziklo berriari bultzada ematea. Bide horretan, urrats garrantzitsu bat egingo dugu larunbatean, Miribillako ekitaldian. “Dei egiten diogu ezkertiar eta independentista orori larunbatean Miribillako ekitaldira joateko”, Rodriguezen esanetan. Han, zera adieraziko dugu: bizirik gaudela, zutik gaudela, pozik gaudela!”.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako mugimenduaren oharra:

Audientzia Nazional espainolak hainbat preso politikoren kontu korronte eta ondasunen gainean burututako bahituraren aurrean, Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak honakoa adierazi nahi du:

Estatu espainola eta frantsesa gerra egitera etorri ziren Euskal Herrira eta gerra egiten jarraitzen dute. Argi daukate erresistentziaren hazi bakarra dagoen bitartean, ez dela guztiz bukatuta egongo euskal erresistentzia iraultzailea, eta hori dela eta tematuta dabiltza, ez soilik garaipen militarrean, baizik eta garaipen ideologiko osoan, hortxe umiliazioa ere sartzen delarik.

Preso politiko ohien ondasunei eraso egitea haien bizibide berari eraso egitea da. Presoak kartzelan urte luzez mantentzeaz gain, bizi osorako murgildu nahi dituzte pobrezian, lan egiteko edo etxebizitza bat edukitzeko oinarrizko eskubideak urratuz. Israelek Palestinarekin egiten duenaren antzera, eta intentsitatean dagoen alde handiaz ohartzen bagara ere, palestinar presoen etxebizitzak erausten dutenean Israelek bilatzen duen helburu berbera bilatzen du Espainiak, lehenago esan bezala, preso politiko ohiak pobreziara kondenatuz.

Kasu batzuetan Guardia Zibila izan da ondasun horiek bahitzera bertaratu dena, automobilen kasuan esaterako, eta berriz esan beharra dugu torturatzaile eta hiltzaile erakunde terrorista horrek ez duela inolako zilegitasunik euskal herritarren ondasunak lapurtzen segitzeko. Inoiz ez zuten Euskal Herrian egon behar, okupazio indarren parte diren heinean. Gaurkoan ere esan behar diegu, alde hemendik!

Bukatzeko, azpimarratu beharra dugu operazio hau ez dela edozein momentutan etorri, eta ez dela kasuala hainbat preso eta preso ohi salbuespen epaitegiek ezarritako erantzukizun zibila euren borondatez ordaintzen hasi direnean gertatzea. Preso politikoen kasuan ez dago irtenbide indibidualik, beste batzuetan esan dugun bezala batek egiten duenak beste guztiei eragiten dielako. Erantzukizun zibila ordaintzen ari direnek kontziente izan behar dute ordaindu nahi ez dutenei egiten dieten kalteaz, eta batez ere zapaltzen gaituzten estatuen errepresioari ematen dioten zilegitasunaz.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak desobedientziarako deia egiten du berriz ere. Errepresioaren kudeatzaileei txanpon bakar bat ere ez!

Sareren oharra:

Espainiako Barne Ministerioak gaur publiko egin duen komunikatuaren eta une honetan irekita duen “Zerga” operazioaren harira Sare Herritarraren oharra:

Espainiako Estatuk agertutako jarrerak konfrontazio eta sufrimendu egoera mantentzearen aldeko apustu garbia egiten duela erakusten du. Orain arte bizitako iraunkortzearen aldeko apustua.

Ezer aldatu ez bailitzan, iraganari begira jarraitzen du Estatu espainiarrak, euskal jendarte osoari bizkar emanaz, Euskal Herrian batutako iritzi politiko eta sindikalaren gehiengoaren aurka, mendekuaren eta gorrotoaren politikak aplikatzen jarraitzearen alde egin du.

Gaurko operazioak argi erakusten du hori. Espetxean zein kalean zigorra bere osotasunean betea izanda ere, giza eskubideen urraketan sakontzen jarraitzen du.

Maiatzaren 4a geroztik, garai berri bat ireki da Euskal Herrian elkarbizitzan eta bakean bizi ahal izateko. Estatuak ordea, ETAk emandako urrats atzeraezin eta garrantzitsuari iraganeko teknikekin erantzun dio, inmobilismoan, sufrimenduan eta errepresioan sakonduz.

Sare Herritarrak mendekuan oinarritutako eta giza eskubideen aurkakoa den jarrera eta ekintza hauek gogor salatzen ditu eta dei egiten dio jendarte osoari ireki berri den garai berri hau probestu eta elkarbizitza eta bakearen eraikuntzan aktibo izatera. Sarek lan honetan jarraitzeko konpromisoa du.

LABen oharra:

Guardia Zibilak Auzitegi Nazionalaren aginduz preso oihen aurka gaur abiatutako operazio polizialaren inguruan honakoa adierazi nahi du LABek.

Espainiako Estatuak bake eta justizia eszenatoki bat oztopatzen jarraitzen du. Ez du urrats bakarra eman. Konfrontazio estrategian mantentzen da, eta Guardia Zibilaren gaurko operazioa horretarako beste urrats bat da.

Garaiz kanpoko erabaki bat iruditzen zaio LABi, bestelako eskenatoki bat eraikitzeko momentua da orain.

Estatuaren immobilismoari aurre egitea herri honetako eragile guztioi dagokigu, guztiok jarri beharko adostasun berriak eraikitzeko bidean. Ez genuke estatuaren estrategia hau onartu beharko.

Euskal Herrian ziklo berri bat irekitzeko etengabe oztopoak jartzen ari da gobernu antidemokratiko eta autoritarioa. Eta horrela izaten/egiten jarraitzeko bidea du, bitartean EAJ makulu duelako, leial, aurrekontuak onartu eta (bestela galdua lukeen) egonkortasuna emateko prest.

Iruzkinak (0)

Iruzkina idatz ezazu

laburra | luzea

busy
 
Loading..
Iraila 2018 Urria 2018
As As As Os Os La Ig
1 2
3 4 5 6 7 8 9
10 11 12 13 14 15 16
17 18 19 20 21 22 23
24 25 26 27 28 29 30
Egun hauetan ez dago ekintza programaturik
Ikusi agenda osoa

Get Flash to see this player.