Ibon Iparragirreren egoera salatzeko, giza katea egingo dute ostiral honetan Inprimatu
2017/11/29

Ibon kalera

Kalera Barakaldo dinamikak mobilizazio berri bat egingo du ostiral honetan, Ibon Iparragirreren egoera larria salatzeko. Abenduaren 1 honetan, 19:30tatik aurrera giza kate bat egingo dute, Barakaldoko Bide Onera plazatik aterako dena, Ibon Iparragirre eta gaixo dauden presoen askatasuna exijitzeko.  

KartelaKalera Barakaldoren oharra:

Ibon Iparragirre espetxean mantentzea bere bizitzaren aurkako zinezko eraso bilakatzen ari da,  eta begi bistakoa dena erabakitzeko orduan epaitegiak egiten duen luzapena presoarekiko tratu krudel eta gizagabea da. Bere bizitza jaten ari zaion gaixotasun sendaezin bat dauka Ibonek, eta berehala kaleratu beharko lukete justiziaren eta gizatasunaren izenean.

Ibonek HIES gaixotasuna zuen 2010eko urtarrilean atxilotu eta espetxeratu zutenean. Espetxean 8 aldiz gehitu zitzaion karga birala eta, 2011an, bere osasun egoeraren larritasuna ikusirik, espetxe araudiaren 100.2 artikulua ezarri zioten eta espetxe zigorra etxean betetzen hasi zen. Hala baina, 2014ko martxoan Entzutegi Nazionalak bertan behera utzi zuen espetxeratze malgutua eta Ibon espetxeratzea agindu zuen atzera, sendagileen irizpideei muzin eginez.

Ordutik Ibonen osasuna etengabe eta gero eta gehiago okerrera egiten joan da, behin baino gehiagotan eraman dute eta egon behar izan du espetxeko erizaindegian, behin baino gehiagotan egon da hil ala biziko egoeran eta larrialdiz ospitalera eraman behar izan dute. Horietako azkena eta larriena aurreko udan izan zen, Gregorio Marañon Hospitalera eraman zutenean. Eta hau guztia 300etik gora sendagilek bere osasunarekiko txosten gogor eta kezkagarri bat egin eta gero.

Baina bere egoeraren larritasunaren gainetik Alcala Meco espetxera itzuli zuten 9 egunen ostean. Hemen berriro azaldu zen bere egoeraren larria, bere CD4  zelulen maila zein baxua zen -pertsona osasuntsu baten aldean berrogei aldiz baxuagoa- ikustean. Horrela jakin zen edozein momentutan hil zitekeela Ibon, berea bezalako gaixotasuna duen pertsona baten bizitza aurreikuspenei buruzko estatistika guztiak gainditu ostean.

Irailean, sendagile forentseen txosten berria larria izan zen, eta ez zuen inolako zalantzarik uzten Ibonen egoera immunologikoaren gainbeherari buruz. Espetxeko zuzendariorde medikuak ondoren egin zuen txostenak ere ez zion zalantzari tarterik uzten, baina urriko hilabete osoan zehar geratu gabe aritu dira pilota instantzia batetik bestera pasatzen, ezer erabaki gabe eta egoeraren larritasunari inolako erantzunik eman gabe.

Fiskaltzaren krudelkeria nabarmen agertu zen bere txosten batean iradokitzen zuenean presoa behartu zezatela sendagaiak hartzera. Horrek ez luke, ordea, arazoa konponduko dagoeneko. Espetxearen eta Espetxe Instituzioen inhibizioa argi ikusten da Ibonentzat hirugarren gradu eskaera egitera ukatzean; epaileak ez du bere ardurari dagokion erabakia hartzen, aitzakia moduan behin eta berriz txosten medikuak, diagnosiak eta bizitza itxaropen aurreikuspenak eskatuz eta egoera luzatuz, korapilatuta dagoen egoera larri hau behingoz ebatzi ordez.

Azaroaren 8an beste behin atzeratu zuen erabakia Espetxe Zaintzako Epaileak, eta behin betiko erabaki bat hartu ahal izateko beste aditu bat eskatu zion Madrilgo Medikuen Kolegioari, honek txosten bat egin zezan presoaren egoera klinikoari, bizitza itxaropenari eta espetxean mantentzearen arriskuari buruz. Madrilgo Medikuen Kolegioak hiru sendagile dermatologoren zerrenda igorri izanak erakusten du egoeraren kafkiartasuna. “Ahalik eta eperik laburrenean” egin beharrekoa zen peritutza hau berriro atzeratu da, Medikuen Kolegioak akatsa zuzendu eta gaixotasun infekziosoetan adituak diren dozena bat mediku izendatu dituen arte.

Bitartean, Ibonen askatasun eskaerak abian jarri dira esparru sozialetatik, osasungintza eta medikuen aldetik eta instituzioetatik; ekimen mobilizatzaileak eta ildo judizialekoak bikoiztu egin dira errealitate gordin hau mahai gainean jartzeko, Ibonen egoera kezkagarriak urgentziazko konponbide bat eskatzen duela erakusteko. Ibon berehala kaleratuko duen edo bere zigorra etengo duen konponbidea, gaixotasun larriak, sendaezinak eta bere bizitzarentzat arrisku nabaria duten kasuetarako Kode Penalak jasotzen duen moduan.

Behin eta berriz denboran atzeratzen ari da erabakia, bata bestearen atzetik datoz txosten medikuak, eta denak zentzu berekoak diren arren, ez dirudi Zaintza Epailearentzat erabakiorrak eta behin betikoak direnik inoiz.

Espainiar gobernua, espetxe instituzioak eta instantzia judizialak sorgor daude kaleratze eskaera orori, eta egoerak eskatzen duen printzipio etiko eta medikuetatik urruneko posizioetan kokatzen dira. Gobernu eta epaitegi instantziek, zigor gehituaren, mendekuaren eta krudelkeriaren irizpideak jarraitzen dituzte, “gizabidearen printzipioen” ordez. Jarrera hori, egoera konpontzerakoan duten atzerapen eta luzapen jarrerarekin batera, legaltasunaren erpinetik kanpo dago, Ibon Iparragirreren larritasuna kontuan hartuta.

EZIN DA GEHIAGO ITXARON. Medikuaren txostenarekin edo txostenik gabe, epailearen erabakia behin betikoa eta eztabaidaezina izan behar da. Ibon Kalera.
Ezin da aitzakia gehiago eta luzapen gehiago onartu; Ibon jasaten ari den egoera adierazteko hitzak amaitzen ari dira jada, eta gobernuaren eta epailetzaren jarrera deskribatzeko kalifikatzaileak agortzen ari dira. Ibonen egoera oso larria da eta egunez egun okertzen ari da bere osasuna. Horrez gain, ebazpen bat emateko atzerapen jarraitua, Ibonen biziarentzat duen berehalako arriskua kontuan hartuta, tratu krudela eta gizabidearen aurkakoa ezartzea da berez. Gaur gaurkoz, baldintzapeko askatasuna edo zigorraren etetea dira bi irtenbide posibleak.
Ibon Iparragirre kaleratzea gizabidezko kontua da batez ere. Ezin da ulerkor izan Giza Eskubideak modu horretan zapuzten dituztenekin, eta ezin dira desenkusatu beren luzapenekin Ibon Iparragirreri berez heriotza zigorra ezartzen ari direnak.

Berandu baino lehen, Ibon Iparragirre ETXERA