Publizitatea
Bannerra
Ezkerraldeko Ernaik prekarietatearen aurkako larunbateko manifestazioan parte hartzeko deia luzatu du PDF fitxategia Inprimatu E-posta
2019/02/13

Ernairen oharra:

Lehen sirena hotsak lanera deitzen zituen langileen ilobak gara, Nerbioi ibaiaren ezkerraldea ezaugarritzen zuten enpresa industrialetako langileen oinordekoak; urte luzeetan zehar herri honen aberastasuna ekoizten ibili ziren langileen hurrengoak. Baina gaur entzuten dugun sirena ez da lanerako deia, amaiera iragartzen duen sirena baizik. Labe Garaiak, Backok, La General… eta, gaur, La Navalen txanda dugu.

Ez da kasualitatea, ordea, ontzigintza bezalako sektore estrategiko bat ixtea. Desindustrializazio politika oso bat amaitu baino ez dutelako nahi. Nola itxi lana duen enpresa bat? Orain dela 10 urte, espainiar gobernuak La Naval pribatizatzea erabaki zuen, eta orain kudeaketa txar baten ondorioz proiektua hiltzen uztera behartu nahi gaituzte. Hori nahikoa ez, eta langile zuzenak baino ez direnen egoera aztertzen dute, zeharkako langileak kontuan hartu gabe, ezta enpresari hainbat zerbitzu eskaintzen dizkion enplegu sarea osatzen dutenak ere. Izan ere, langileen osotasuna ia 2.000 pertsonara iristen da, azpi kontratetan daudenen kopurua %80 denean. Hortaz, eragiten dien kolektibo guztiek hartu behar dute parte aterabide erreal bat bilatzeko.

Ontzigintza, euskal industriaren sektore estrategikoa da, eta honen bizirautea bermatu behar da, diru inbertsio publiko baten bitartez, baina, batez ere, gure eskualderako etorkizuneko plan industrial erreal bat eskainiz.

Horretarako asmatu zuen PNVk Basque Industry 4.0. Euskal industria sustatzeko aitzakipean, kapitalaren mesedera bideratu dituzte enplegu denak, pribatizazio eta prekarizazioa  zabalduz. Ez da joera berria, baina 90. hamarkadatik aplikatzen dituzten politika neoliberalen emaitza dugu hau. Egoerak eskatzen duen ardura, zorroztasun eta errealismoa albo batera utzi, eta partxe bat baino ez dute proposatzen, aterabide industrial optimo bat bilatu gabe, bidegarritasunik gabeko proiektu baten partxea. Honekin, Ezkerraldea, paseorako museo bihurtu nahi dute, iraganean izandako produkzio industrialen oroitzapenen museoa.

Euskal labeldun erregimenak herria interes kapitalistei saldu nahi die, enplegua eta bizitzak negozio iturri bihurtuz. Espainiar estatuarekiko duen dependentzia argi ikusten da, jarrera liberal eta autoritarioak legitimatu baino ez dituztelako egiten.

Gaur sirena hotsak entzuten ditugu berriz ere, prekarietatearen sirena hotsak, alarma soinuak. Larrialdi egoeran gaude. Gure bizitza, gutxi batzuen etekin pribatuen zerbitzura dagoen bitarteko eta negozio iturri bihurtu dituzte. Kapitalismoaren erritmo itogarriaren ondorio argiak dira, ez da arazo sektorial bat, ezta egoera kointurala ere. Pribatizazioaren bidez, herritarron desjabetzea bilatzen du, burujabetza galera, prozesu politiko eta ekonomikoak erregulatzeko eskumenen galera. Merkatuaren diktadura honek, ez dio herritarren beharrei erantzuten, are okerrago, prekarietate kroniko batera kondenatzen gaituzte.

Prekarietate kronikoa, eta gure bizitzako alor guztietara hedatu dutena. Gure bizitzen parte da eta gelditzeko etorri da prekarietate bortitz hau. Ziurgabetasuna, heldulekurik eza, ezegonkortasuna, segurtasun falta… Bizirautera kondenatzen gaituzte, baina gazteok nazkatu gara. Nazkatu gara jaiotzen garenetik eman beharreko pausuen norantza markatzen diguten erantzuleez. Nazkatu gara eta aspertuta gaude. Ez gaude prest beste batzuek markatutako koordenaden arabera bizirauteko. Gure hautua argia da, Ezkerraldean eta Euskal Herrian era duinean ikasi, lan eta bizi nahi dugu.

Horregatik guztiagatik, zu, gazte, zaintza lanetan zabiltzana, pizzak banatzen ibiltzen zarena, klase partikularrak ematen dituzuna, asteburuetan tabernan orduak sartzen dituzuna, ordu estrak kobratzen ez dituena... Zuek denak, gu denok gara prekarietatearen aurka gogor jardungo dugun aktoreak, prekarietatearen aurkako borroka kolektiboa baita.

Horregatik, larunbatean prekarietatearen aurka osatuko dugun gazte frontean parte hartzeko deia luzatzen dizugu, Bilboko Euskadi Plazatik 17:30ean abiatuko den mobilizazio nazionalean parte hartzera, hain zuzen ere. Ez gaude etxean geratzeko moduan, goazen zor zaiguna aldarrikatzera. Gazteon oraina borrokan da! Bidean elkartuko gara!

 

Get Flash to see this player.

Oiola Deskonexioa plataformaren bidaia Bruselasera