EH Bilduk positibotzat jo du Ezkerraldean, Meatzaldean eta Oarsoaldean sozioekonomia berraktibatzeko akordioa Inprimatu
2018/03/27

La Navali buruzko irudia

EH-Bilduren oharra:

EH Bilduren ekimenez sortu zen ponentzia parlamentarioak irizpena onartu du gaur arratsaldean. Talka plan baten beharra ikusi du, industria aurreratua, prestakuntza, berritze urbanistikoa eta kohesio soziala sustatzeko, merkataritza defendatzeko eta turismoa garatzeko.

Ezkerralde, Meatzalde eta Oarsoaldeko egoera soziekonomikoa aztertzeko ponentzia parlamentarioak bere lanak amaitu zituen atzo arratsaldean, Legebiltzarreko Osoko Bilkurak berretsi beharko duen azken irizpena aho batez onartuta. Ponentzia Iker Casanova EH Bilduko legebiltzarkidearen proposamen baten ondorioz sortu zen, eta gaur Casanova pozik agertu da egindako lanaz eta horren emaitzaz. “Nahiz eta irizpenak gure eskari guztiak ez jaso, bereziki eskualde horiek historikoki instituzioen aldetik pairatu duten arreta falta, ponentziaren emaitza positiboa da onartzen duelako orain arte egindakoa ez dela nahikoa izan eta bai Ezkerraldeak, bai Meatzaldeak, bai Oarsoaldeak lehentasunezko eskualdeak izan behar dutela instituzio guztientzat”.

Irizpenak arlo sozioekonomiko, akademiko eta instituzionaleko 35 ordezkarik eginiko ekarpenak jaso ditu eta, Casanovak azpimarratu bezala, oinarriak jartzen ditu talka plana eta Plan Estrategiko Interinstituzionala egiteko, aipatu eskualdeak ikuspegi sozioekonomiko batetik berraktibatzeko. EH Bilduko legebiltzarkidearen iritziz, “eskualde horien susperraldiaren oinarrian industria aurreratuak, prestakuntzak, berritze urbanistikoak eta gizarte kohesioak egon behar dute, merkataritzaren defentsa eta turismoaren garapena ahaztu gabe”.

Casanovak ohartarazi duenez, ponentziak azalarazi du Ezkerralde, Meatzalde eta Oarsoaldeko adierazle sozioekonomikoen egoera larria. “Ponentzia dei bat izan da eskualde horietan problematika sozioekonomikoak duen dimentsioa kontuan hartzeko, eta irmoki eta espezifikoki aurre egiteko”.

Lehenengo emaitzak hilabete gutxi batzuetan gauzatu litezke, lehenago talka plana egin baita udalen parte hartzearekin. Plan Estrategikoa egiteko epea luzeagoa izango da, horren diseinua prozesu parte-hartzaile baten emaitza izango delako, helburua gizartea bera inplikatzea baita, bai eta ponentzia barruan landu diren ekimen zehatzak baloratzeko orduan ere. Ponentziak, gainera, instituzioei eskatu die aurrekontuetan esfortzua egin dezatela, eskualde horiekiko konpromiso politikoarekin koherenteak izan daitezen.

Oarsoaldeari dagokionez, ponentziaren irizpenak ez du zuzenean jotzen arazoaren mamira, Ezkerraldean eta Meatzaldean ez bezala, eta horrek, Casanovaren irudiko, “erakusten du arrazoia geneukala egoerari buruzko azterketa eskualdez eskualde egitea eskatu genuenean”. Edonola ere, erantsi du, “irizpenak ideia positiboak txertatu ditu Oarsoaldean ere aplikatu ahal izateko, eta emaitzak onak baldin badira, EH Bilduk proposatuko du Aiaraldean, Araban, formatu bera erabiltzea, han ere ezaugarriak eta beharrak antzekoak direlako”.