Publizitatea
Bannerra
Portugaleteko Ernaik, udalaren etxebizitza politika salatu du PDF fitxategia Inprimatu E-posta
2018/03/22

Portu Ernai

Portugaleteko Ernairen oharra:

Portugaleteko Udalak 2018ko aurrekontuak onartu zituen otsaileko udalbatzan, tartean, gazteontzako etxebizitzaren alokairurako diru laguntza. EAJren ekimen hau PSOErekin egindako aurrekontuen akordioaren baitan kokatzen da, eta iaztik dago indarrean. 18 eta 35 urte bitarteko gazteontzako alokairuan laguntzea helburu omen duen partida 15.000€koa izan zen 2017ko aurrekontuetan; Barakaldon 150.000€koa da, eta 250.000€koa Getxon, bi herri aipatzearren.

2011ko datuen arabera, gure herrian 18 eta 35 urte bitarteko 9.457 gazte daude. Aurten, partida 60.000€ra igo dute, beraz, oraingoan, Portugaleteko 240 gaztek baino ezin izango dute jaso 250€ko laguntza.

Horrekin batera, datu garrantzitsu bat hartu behar da kontuan: laguntza hau urtekoa da, hau da, ustez, gazteon emantzipaziorako izan beharko lukeen diru sarrera hilean 20 euro eta 83 zentimokoa da.

Bi aukera daude. Lehenengoa, Portugaleteko EAJ eta PSOEko zinegotziak mundu paralelo batean bizitzea eta Portugaleteko alokairuen prezioak ez ezagutzea. Bigarrena, alderdi hauek gazteon bizi baldintza prekarioei aurre egin nahi ez izatea eta bozka gehiago lortze bidean gazteak laguntzen dituztela saldu nahi izatea, gezurretan ari direla jakinda. Erabaki dezatela bi aukeren artean zein nahiago duten.

Klase partikularrak, tabernetako lanak, Burger Kingeko langileak, aldi baterako kontratuak, esklabotzatik hurbil dauden praktikak... Hau da gure errealitatea. Prekarietate hutsean bizi gara. Egun, gazte batentzako pentsaezina da bizitza proiektu duina eraikitzea, eta egoera honetan, bi alderdi hauek 20 euroko eskupekoa eman nahi digute etxebizitzaren alokairurako. Ez da diru laguntza, iraina da, eta gure kontura egiten dute barre.

Bien bitartean, 2010eko Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren arabera, 1.519 etxe huts daude Portugaleten, eta gure ingurura begiratzea baino ez dago etxebizitzen etengabeko eraikuntzak etenik ez duela ikusteko. Etxebizitza ezin da gure diru sarreren erdia xahutzen dituen luxua izan. Etxebizitza eskubidea da, eta gure bizitza proiektua garatzeko ezinbestekoa.

Horregatik, PSOEk eta EAJk onartutako neurriak ez ditu gazteak laguntzen. Alde batetik, diru laguntzaren kopuruak ez duelako ezertarako ematen. Behin eta berriro errepikatuko dugu hau, esate hutsak min ematen badigu ere: 20 euro eta 83 zentimo hilean. Bestetik, neurriak ez duelako etxebizitza eskubidearekin dugun egiturazko arazoa konpontzen. Mugatuak badira ere, Udalek badituzte egoera konpontzeko tresnak.

Etxebizitza eskubidea bermatzeko etxebizitza parke publikoa sortzea da aukeretako bat, alokairuaren kostua pertsona bakoitzaren diru sarreren %15 gainditu gabe, edo etxebizitza hutsak Udalaren esku dauden zergekin kargatzea.

Euskal Herriko hainbat herritan -Oreretan esaterako- martxan daude gazteen beharren arabera egokitutako etxebizitzak, gune komunak dituztenak, edota gazteon diru sarrerak aldi baterakoak izan ohi direla kontuan hartuta (prekarioak), errenta ez den bestelako bideak erabiltzen dituztenak (irizpide fiskalak, lan komunitarioak etab.).

Aukerak badaude, gauzatzeko borondate politikorik, ez, ordea.

alt=""

 

Get Flash to see this player.

Oiola Deskonexioa plataformaren bidaia Bruselasera