Olatz Sanchez: “Kolore guztietako lagunei euskarara hurbiltzeko keinua da Korrika”. Inprimatu
2013/03/07

Orain bi urte Olatz Sanchez euskaltzale barakaldarra Txile aldera joan zitzaigun. Harrezkero hamaika bizipen izan ditu bertan; eta urrun badago ere, euskarari estu-estu lotua darrai, euskara irakasle baitabil Santiagoko lau unibertsitatetan. Korrikan buru-belarri eta era askotan parte hartu duen langile fin horrek Munduko edozein txokotatik bultza egin nahi dio Korrikari. Horren erakusle da, besteak beste, Santiagon antolatu duten 18. Korrika, itsaso oso bat zeharkatuta gertu-gertutik Olatzek azalarazi digun Korrika hunkigarria:

 

 

Herri Kolore: Imajinatzen dut Korrika dezente daramazula motxila barruan. Korrika hitza aipatuta zer datorkizu burura?

Olatz: Korrika hitza aipatu, entzun, irakurri, klasean azaldu… eta emozio eztanda lehertzen zait gorputz barruan, bihotzetik gertu. Inoiz eman ditudan klaserik hunkigarrienak etorri dira Korrikaren eskutik. Burura eta zangoetara korrikan hasteko gogoa pizten zait halakoetan, herria eta hizkuntzaren kontzientzia inoiz baino presenteago izaten lagundu dit Korrikak. Kezkarekin batera etorri izan dira sentimenduok, alegia, gure ibar ezkerrean ( besteak beste) lan handia egiteke dagoela. Edozein kasutan, Korrika lan egiteko pizgarria da erabat, indar astindua.

 

HK: Zure iritzian, zer ekarpen egiten dio Korrikak euskarari?

 

Olatz: Korrikak euskara kalera ateratzen du, jendartera zabaldu. Etxeparek idatzi zuena etorri zait gogora: “Euskara, jalgi hadi plazara”; Korrikak horretan laguntzen du. Euskara politikatik bereizi egiten da orduan, edozein euskaldunen ahotan jartzeraino, aurreiritzirik gabe. Kolore guztietako lagunei euskarara hurbiltzeko keinua da Korrika, proposamen erakargarria. Jendea furgoneta baten atzean herri osoan zehar korrikan ikustea harrigarria da; arrazoi sentimentala eta identitarioa dago horren atzean, nire ustez. Korrikaren egitura deigarriak euskara deigarri bihurtzen du.

 

HK: Zelan ikusten duzu Txiletik Korrika 18ren nondik norakoa? Korrikaminak jota al zaude?

Olatz: Orain urte bi nire lehen Korrika etxetik kanpo igaro nuen. Neure buruari zin egin nion hurrengo Korrika Euskal Herrian biziko nuela, halako korrikaminak jota nengoen eta. Bizitzak ordea, hemen, Txilen, mantendu nau 18. Korrikan ere. Hasieran ez nuen Korrikaren inguruko albisterik irakurri nahi, ez nuen jakin nahi herritik zein egun eta ordutan igaroko zen ere. Sentsazio mingotsa da oso. Gero, ezin ekidin irudiak, bideoak eta lagunen mezuak irakurtzea eta halako hotzikara batek hartu zidan gorputza, emozioak berak eraginda. Aurten antzera ibiliko naiz. Gauza berezia da Korrika.

HK: Badirudi Txilen ere zeuenganatu duzuela Korrikaren leloa: Bertan ere euskara ematen al diozue elkarri?

Olatz: Txilen euskara maitasun handiz ematen diogu elkarri, ahal den neurrian bai bederen. Txilen euskarara hurbiltzen den orok dauka Korrikaren berri eta euskara elkarri emateaz gain, euskararekin elkarrekin hunkitu ere hunkitzen gara. Euskara kanten bidez, kontakizunen bidez eta jolasen bidez, maitekiro, ematen saiatzen naiz. Ordainean, ikasleengandik euskaraz jasotzen dudan edozein esaldi oparitzat hartzen dut nik.

 

HK: Ziur, dagoeneko, txiletar bati baino gehiagori azaldu diozula Korrika zertan datzan. Ulertu ote du?

Olatz: Ulertu eta harritu egin dira. Hasieran kostata irudikatzen dute gure herriaren hizkuntz txikiak hainbesteko indarra izatea eta hainbesteko zirrara eragiteko gaitasuna gordetzea. Ulertu ostean, hunkitu egiten dira hizkuntzak bizirauteko garatu dituen estrategiak ikusirik. Euskarak euskaldun egiten gaituela eta euskararik gabe Euskal Herririk ez dagoela argiago ikusten dute orduan.

 

HK: 18. Korrika ospatuko bide duzue. Nola egingo duzue?

Olatz: Bai, horretan gaude…Korrika txikia antolatu dugu Santiagoko kale batzuetan zehar Euskal Etxeraino. Bertan herri bazkaria egingo dugu eta ondoren, mus partidaren bat joan etorrian, kantutegiak prestatu ditugu euskal kantei astindua emateko, dantzaldi batzuk…Badirudi musikariak ere izango ditugula herri bazkaria eta ondorengoa girotzeko beraz, etxean bezala!

Horretarako ikasleak, Euskal Etxeetako lagunak, Delegazioa eta jende askoren laguntza jasotzen ari gara, egia esan. Asko dira hemen bizi diren euskaldunak ( lanak edo ikasketak tarteko) eta asko dira ere, euskararekin kitzikaturik dauden lagun txiletarrak. Ikasleei eskaintzeaz gain, goian aipatutako lagun guztiei ere eskaini nahi diegu Korrikaren ospakizuna, elkartasun keinu ederra baita hemendik hara egiten dena.

 

HK: Baten batek, korrika zabiltzatela sumatuz gero, atzean karabineroak daudela pentsa dezake...

Olatz: Halakorik ez gertatzeko koloreak, musika eta aurpegi irribarretsuak eramango ditugu, bai horixe! Hemengo karabineroak ez dira gizon emakumerik alaienak baina mesfidantza sortu beharrean, saiatuko gara irribarreren bat lapurtzen. Besterik da Euskal Herrian, hainbat lekutan Korrika eta euskara bera iraindu eta kriminalizatzeko ahalegina egin baitute baina zorionez, beti jakin izan dugu halako ataketatik onik ateratzen. Txilera ez da debeku-mamurik azaldu, oraingoz. Eta hala bedi.